Atzoko 22:00etatik (maiatzak 18, ostirala) eta gaurko 22:00ak arte, EZ IRENTSI ekimeneko 30 partaide Bilboko Plaza Biribilean, bai BBVAk eta bai Banco de Santanderrek dituzten egoitzen aurrean egon gara, hainbat jenderen laguntzaz, 24 orduko baraualdia egiteko asmoz, krisialdian eta, oro har, gizarte honetan bankuek izan duten egitekoa salatzeko.

Eguraldi kaskarrak, batez ere bart izandako ekaitzak eta arratsalde osoan erori den euriak ez dute lortu bildutakoek euren asmoa bertan behera uzterik.

Ez Irentsi ekimena, hainbat herritarrek bultzatua, apirilaren 14an hasi zen. Ekimena honetan datza: bi lagunek, txandaka, baraualdia egiten dute 48 orduz, kezkarik handiena eragiten dieten gizarte-arloen kontra protesta egiteko. Baraualdi-txandetan kontsumitu ez diren produktuak bazterkeria-arriskuan daudenekin lan egiten duen Izangai elkarteari entregatu zitzaizkion pasa den maiatzaren 15ean.

Aparteko ekinaldia izan da gaurkoa, bankuen erreskate berriek eragiten diguten kezka larriak bultzatua. Bankiari soilik emango zaion dirua osasungintzan eta hezkuntzan aurreztu nahi den zenbatekoa beste diru da.

Ez Irentsi ekimenak oso argiro adierazi du egoera honi buruz duen jarrera.

Bankariei eta horiek babesten dituzten politikariei dagokienez, azeriak oilategitik ateratzea exijitu dugu. Hain zuzen ere, arrautzak ez ezik, oiloak ere desagertzen hasiak dira, eta ezin zaio egoera honi eutsi.

Bankurik garrantzitsuenen egoitzen aurrean, arrakeroak harrapatu egingo ditugu eta kasinook itxiko.

Gogoratu beharra daukagu bankuak izan zirela krisialdia sortu zutenak, bankuak salbatzearren zordundu zirela estatuak, eta estatuen zorra negozio-iturri direla eurentzat, gaur egun: Europako Banku Zentralaren finantzazioa %1,5ean jasotzen dute, estatuei %5ean mailegatzeko. Negozio biribila bezain lizuna.

Gizartearen sektorerik ahulenak babesteko betebeharra zutenek boteretsuenak, hau da, bankuak, laguntzen dihardute.

Ez Irentsik gizarte gehienari dei egiten dio, egoeraz nazkatuta dagoen gizarteari, nazka ekintza bilakatzeko, informatzeko eta alternatibak bilatzeko.

Azkenik, ekimena oro har jendearengan eta, zehazki, komunikabideen artean izaten ari den harrera abegikorra eskertu nahi dugu.