Vitoria-Gasteizko Arana Klinikan jarriko den asilo-eskatzaileentzako zentroaren inguruan sortutako polemikaren ondoren, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak eskatu du errefuxiatuen eskubideak betetzeari emateko garrantzia, eta errefuxiatuek egungo harreran aurkitzen dituzten oztopo batzuk aipatu ditu.Arantza Chacón erakundeko zuzendariak eta Javier Galparsoro presidenteak prentsaurrekoan azaldu dutenez, errefuxiatuek aurkitzen duten oztopo nagusia polizia-etxean hitzordua lortzeko zailtasuna da, asilo-eskaera formalizatu ahal izateko. “Hitzordurik ez izateak babesa eskatzeko prozedura eragozten du. Oinarrizko eskubidea da, eta, gainera, babesgabetasun-egoeran uzten ditu hainbat indarkeria-motatik ihesi datozen pertsonak. Gainera, prozedura hasteko zailtasun horiek oztopo dira nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako harrera-programa espezifikoetan sartzeko, eta erroldan eta oinarrizko eskubideen estaldura bermatzen duten beste zerbitzu batzuetan sartzea zailtzen dute”, zehaztu du. Erakundearen ustez, errefuxiatuak zaurgarritasun-egoeran uzten dituen egoera horrekin amaitzeko, izapide horiek kudeatzen dituzten polizia-etxeei mekanismo egokiak eta nahikoak eman behar zaizkie. “Aldi baterako babesa izapidetzeko eta emateko egin da, eta horrek erakusten du nazioarteko babeserako ere egin daitekeela”, adierazi du Galparsorok.
Udal- eta foru-hauteskundeetarako hilabete batzuk falta diren honetan, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko zuzendariak alderdi politikoei eskatu die “errefuxiatuak diskurtso politikoetan ez instrumentalizatzeko, eta diskurtso horiek bizikidetzatik eraikitzeko, eta ez haustura soziala sustatzetik”. Chacónek gaineratu du “espazio seguruak eta herritarren arteko diskriminaziorik gabeak sustatu behar direla udalerri eta lurraldeetan”.
2022ko asilo-datuak
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2022an, 4.086 asilo-eskaera aurkeztu ziren: 2.023 Bizkaian, 1.044 Araban eta 1.019 Gipuzkoan (iturria: Barne Ministerioa). Zifra horiek oraindik ere pandemiaren aurreko mailatik pixka bat beherago daude, baina gorakada nabarmena nabaritu zen azken urteekin alderatuta, COVID krisiaren ondorioz mugak itxi zirelako. Honako hauek izan ziren eskaera egin zuten nazionalitate nagusiak, hurrenkera honetan: Venezuela, Kolonbia, Peru, Maroko, Honduras eta Nikaragua.
Ukrainako gerraren ondorioz aktibatutako aldi baterako babesari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Ukrainako errefuxiatuen harrerarako jarraipen-mahaiaren datuen arabera, 4.046 pertsonak eskatu zuten aldi baterako babesa Euskadin (2022ko abenduaren 15eko datuak). Gehienak haien kargura adingabeak dituzten emakumeak dira.