Giza Eskubideak Behatzeko Euskal Ordezkaritzak Kolonbiara egin berri duen bisita dela eta, Zehar-Errefuxiatuekin (lehengo CEAR-Euskadi) erakundeak egiaztatu du herrialdean, hauteskunde aurreko garai honetan, gatazka gogortu egin dela, eta horrek arrisku handiagoa ekarriko duela lurra defendatzen duten pertsonen eta komunitateen bizitzarako; herri indigenak, herri beltza eta nekazari-komunitateak dira indarkeriaren eta gatazkaren biktima nagusiak.
Alberto Cereijo Zehar elkarteko Intzidentzia arloko arduradunak salatu duenez, “herrialdeko gatazkarik handieneko eremuak bat datoz narkotrafikoko korridoreekin eta, besteak beste, meatzaritzako industriarekin, enpresa hidroelektrikoekin, monolaborantzaren hedapenekin edo abeltzaintza estentsiboarekin lotutako enpresa transnazionalak ezartzearekin”. Cereijok honako hau gaineratu du: “Kolonbiako gatazka barne-arazoa izateaz gain, ekoizpen-sistemetan, kontsumoan, inbertsioan eta finantzaketan gure erantzukizuna eskatzen duten dinamika globalen ondorio ere bada”.
Gainera, komunitateen aurkako indarkeriak eremu horietan bizi diren herritarren lekualdaketa behartuak eragiten ditu. “Komunitateek ihes egiten dute jazarpenaren aurrean, eta horrek mehatxuak, estortsioak edo eskubideen urraketa sistematikoak eragiten ditu. Arriskuaren aurrean, ezin dute haien lurraldeetara itzuli, beren bizitzak arriskuan daudelako”.
Barne Ministerioko datuen arabera, 2021ean, Kolonbiako 11.567 pertsonek eskatu zuten asiloa Espainiako Estatuan. Bigarren nazionalitatea da eskatzaile-kopuruari dagokionez (Venezuelaren atzetik, 15.995). Hala ere, ebazpenen ia % 94 aurkakoak izan ziren.
Herrialdeak bizi duen krisi humanitarioaren testuinguru horretan, Zeharrek eskatzen du 2016an sinatutako Bake Akordioetan hartutako konpromisoak bete daitezela eta hurrengo hauteskunde-garaian indarkeriak gehien kaltetutako taldeen parte-hartze politikoa berma dadila, segurtasun-baldintza guztiekin.
Giza Eskubideak Behatzeko Euskal Ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariek, E-Lankidetzak eta Alboan, Mugarik Gabe, Emigradas Sin Fronteras eta Zehar erakundeek osatu dute. Hau da talde osoak egindako bidaiaren ondoriozko komunikatua. KOMUNIKATUA.
Ordezkaritzaren bidaia hori Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan azken bi urteotan parte hartu duten hiru kolonbiarren jarraipen-misio baten esparruan egin da.