Datorren ostegunean, urriak 5, Donostiako Aquariumean arrazismoaren aurkako ahots ausartak bilduko dira, migratzaile, errefuxiatu eta ijitoek etxebizitza alokatzerakoan jasaten dituzten diskriminazio egoerekin nola amaitu behar dugun eztabaidatzeko. Zehar Errefuxiatuekin GKEak, Eraberean Sareak eta Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu dute jardunaldia. Diskriminazioa jasan duten zenbait biktimek lehenengo pertsonan kontatuko dituzte ez bakarrik sufritutako gertakariak, baizik eta beraiek diskriminazio horren aurrean egindakoak ere. Valientes/Ausartak Jardunaldiaren 5. edizioa da, eta Tratu-Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari Buruzko III. Euskal Kongresuaren baitan kokatzen da, urriaren 5 eta 6an Donostian egingo dena.Zahra Bourasek, aljeriar errefuxiatuak, irekiko du jardunaldia. Gasteizen etxebizitza pribatu batean maizter gisa jasandako egoera iraingarriak salatuko ditu. «Alokairu kontratuaren arabera, debekatuta neukan hiru minutu baino gehiagoz dutxatzea edo etxera bisitak ekartzea», kontatuko du Bourasek. Alokairu horren legezkotasuna aztertzeko Eusko Jaurlaritzaren Bizilagun Zerbitzua erabili zuen.

Mari Carmen Jiménezek, ijitoen kontrako diskriminazioaren aurkako Nevipen Elkarteko ekintzaileak, berak eta bere komunitateak etxebizitza alokatu edo erosterakoan jasotako irainak, ukatzeak eta eragozpenak kontatuko ditu.

Testigantza bi horien ostean, Rosabel Argotek, Zehar-Errefuziatuekin elkartekoa, eta Mikel Mazkiaranek, Sos Arrazakeria Gipuzkoakoa, etxebizitza arloan arrazismo horren aurka zer egin proposatuko dute. «Komunitatearen parte-hartzearen baitan estrategiak diseinatu behar ditugu. Badauzkagu jardunbide egoki pribatu zein publikoen ereduak, higiezin agentzia eta pisu jabe batzuek diskriminazioaren aurka lan egiten dute», azaldu du Argotek.

Ekimen horien artean, Frank Philipsek, Ganteko (Belgika) Udalaren izenean, bideokonferentzia bidez udalaren ekintza programa baten berri emango digu, hiriko higiezin agentziek kudeatutako alokairuetarako maizterrak hautatzean nazionalitate, erlijio edo jatorri etnikoari lotutako irizpideak erabiltzea ekiditen duena.

Miguel Ruiz Díaz-Reixak, Provivienda Elkartekoa, etxebizitza izateko eskubideaz gozatzean dagoen etnia eta arrazaren araberako diskriminazioaren aurka erabiltzen dituzten tresnak azalduko ditu. Zehazki, Yahya Aaboudi, Errenteriako bizilagunari, nola lagundu zion azalduko digu. Beste hizlari batek lehengo pertsonan kontatuko du higiezin agentzia baten aldetik atzerritarra izateagatik jasandako diskriminazioa eta egoera salatzeko aurrera eramandako akzioak.