COMUNICADO: ANTE LOS ÚLTIMOS ACTOS REPRESIVOS EN LOS TERRITORIOS OCUPADOS DEL SÁHARA OCCIDENTAL.
(Más abajo en castellano)
Iritzi Publikoari
Komunikabide estatalek, eta bereziki RTVE kate publikoak, mantendu duten isiltasun nabarmenaren gainetik, Euskal Herriko eta Estatu osoko iritzi publikoari jakinarazi nahi diogu Marokok okupatzen duen Mendebaldeko Saharako lurraldeetan bizi den populazioak egun hauetan jasaten ari den egoera latza, bereziki El Aaiun hiriburuan eta Smara hiri santuan.
Izan ere, pasa den asteburuan, batez ere larunbat 19ko arrats gauean eta igandeko 20ko goizaldean, okupazio indarrek bere botere osoa erabili zuten independentziaren aldeko aldarrikapena eta giza eskubideen urraketen kontrako salaketak aldarrikatzeko egin ziren manifestazio baketsuak sakabanatzeko asmoz. Manifestazioak NBEren Idazkari Nagusiaren Mendebaldeko Sahararako Ordezkari Pertsonalaren, Christopher Rossen bisita dela eta deitu dituzte independentzia eta giza eskubideen aldeko eragile sahararrek.
Marokoar polizia eta talde paramilitarren oldarketek dozenaka pertsona larri zaurituta eragin zituzten, haien artean giza eskubideen defendatzaile ezagunenetakoak: Ghalia Djimi, Brahim Dahan edo Sukheina Yaya, adibidez. Zaurituetako batzuk aldez aurretik Christopher Rossekin bildu ziren poliziak zauritu izan aurretik. Era berean, antzeko egoeretan gertatu den bezalaxe, “ordenaren” indar marokoarrek zenbait saharar militante independentisten etxeak, saltokiak eta automobilak erasotu eta arpilatu zituzten. Une honetan, Smara, sahararren hiri santua, erabat setiatua dute marokoar indarrek, barruko sahararren egoera zehazki zein den ezin dugula ezagutu.
Gogoratu Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren ordezkari pertsonalak honekin hiru aldiz bisitatu duela Mendebaldeko Saharako lurraldea, beti ere gatazka honen “bi parteentzat (Maroko eta Saguia el Hamra eta Rio de Ororen Askapenerako Fronte Herrikoia – F. POLISARIOrentat) onargarria” izan daitekeen irtenbide diplomatikoaren bila. Bisita guztietan Christopher Rossek argi utzi du Lurralde ez autonomo honen giza eskubideen egora oso kezkagarria iruditzen zaiola. Hala ere, oraindik ez da lortu giza eskubideen zaintzaz eta babesaz arduratuko den erakunderik ezartzea, Marokok eta bere aliatu estuenek (Frantzia eta Espainia, bereziki) Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan mantendu duten kontrako jarrera irmoa dela eta. Beraz, 1991etik hedatuta dagoen Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa (MINURSO) Nazio Batuen mundu osoan dituen misio guztien artean populazio zibilaren giza eskubideak begiratzeko eskumenik ez duen misio bakarra da.
Behin eta berriz, modu masiboan, Saharar Herriarekiko elkartasuna adierazi duen Euskal Herriko jende guztiari dei egiten diogu gertaeren jarraipena egiteko eta egin daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko.
Gasteiz, 2013ko urriaren 22an