Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak Europako mugetara iristen direnen aurkako indarkeriaren normalizazioa salatu du, joan-etorriak eragiten dituzten arrazoiak alboratzen diren bitartean
- Ez dira migratzaileak eta errefuxiatuak zuzenbide estatua arriskuan jartzen dutenak, Europako demokraziak mehatxatzen dituena pertsona horien aurka aplikatzen den erantzuna da.
- Erakundeak azpimarratzen du migratzaileak mehatxu bihurtzeak zilegitasuna ematen diola haiek indarkeriaz tratatzeari.
Txostena: zehar.eus/eu/deserrotuak
Bilbo, 2024ko urriaren 8a. Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak “Deserrotuak, bipiltze eta mugen arteko ibilbidea” izeneko txosten berria egin du. Txosten horretan, EBko erauzketa-politiken eraginak aztertzen ditu, pertsonak lekualdatzera bultzatzen dituzten arrazoietako bat diren aldetik; ingurumenaren zaintzaileak eta lurraldearen defendatzaileak kriminalizatzeak eta material urrien ustiaketak zer-nolako loturak dituen jorratzen du; eta mugen kudeaketan indarkeriaren erabileraren normalizazioa eta legitimazioa salatzen ditu. Eta hori guztia Euskadira iritsi diren pertsonen istorioen bidez egiten du. Horietako batzuk beren bizibideak desagertzearen ondorioz eta indarkeria areagotu delako iritsi dira, hala nola txostenerako elkarrizketatu diren senegaldarrak; eta beste batzuek, emakume aktibistek esaterako, betirako edo aldi baterako utzi behar izan dituzte beren lurrak, lurralde eta komunitate horien defentsan egindako lanagatik.
Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendari Javier Canivell irmo mintzatu da gai horren inguruan: “‘Migrazio klimatikoari’ buruzko diskurtsoen aurrean, azpimarratu nahi dugu ingurumenaren degradazio larria giza bizitzarako ezinbestekoak diren ondasunen neurrigabeko ustiapenaren ondorioa dela, eta lotura zuzena duela energiaren sorkuntzarekin, EBko sektore estrategikoentzako gai kritikoen hornidurarekin (telekomunikazioak eta arma-industria, besteak beste), abeltzaintzarekin eta arrantza industrialarekin, besteak beste. Jarduera horiek ezartzeak biztanleriaren lekualdatzeak eragiten ditu, eta, batzuetan, protestak zapalduz ezartzen dituzte jarduera horiek”.
Zehar-Errefuxiatuekin elkartetik, nabarmentzen dute lekualdatzera behartutako pertsonek, aldi berean, eraso mediatikoa eta indarkeria legitimatzera bideratutako kudeaketa politikoa jasaten dituztela. Diskurtso ofizialetan, harro esaten da errefuxiatuak babestu egin behar direla eta migrazio erregularra sustatu behar dela, baina Afrikatik datozen pertsonek –Senegaldik datozenek, kasu– ez dute, de facto, sartzeko bide ez erregularrik ez segururik, eta bideari lehorretik eta itsasotik ekiten dioten pertsonak ez dira identifikatzen asilo-bilatzaile gisa edo nazioarteko babesa behar duten pertsona gisa, baizik eta administrazio-legeak urratzen ari diren pertsona gisa. Azkenik, ia guztiei ukatu egiten zaie babesa, eskatzea lortzen badute.
“Eskuin muturraren gorakada izugarri kezkagarria da gizarte demokratikoentzat, baina ezin dugu ahaztu migratzaileak eta errefuxiatuak, EBra sartzean, gero eta errepresio handiagoa jasaten ari direla, eta errepresio hori gero eta normalizatuagoa dagoela, baita gobernu aurrerakoien aldetik ere”, gaineratu du Canivellek.
Espainiako estatuari dagokionez, adibide hauek ditugu, besteak beste: Melillako 2022ko ekainaren 24ko sarraskia; Tarajalgo heriotzak; Herritarren Segurtasun Legearen indarraldia; itsas erreskate humanitarioko lanei jarritako traba burokratikoak eta horien kriminalizazioa; aireportuetan igarotzeko bisak ezartzea zenbait herrialdetatik datozen bidaiariei sarrera ixteko, hala nola Siriatik, Yemendik, Palestinatik, Somaliatik eta Senegaldik datozenei; poliziarekin hitzordua lortzeko oztopoak, eskaerak lurraldean izapidetu ahal izateko; asilo-legedia ez arautzea (2009ko Legea indarrean sartu eta 15 urte igaro direnean); eta nazioarteko babesari dagokionez, EBko aitorpen-tasarik baxuena, etsipena eragiteko ariketa argi gisa. Horiek guztiek argi erakusten dute normalizatuta dagoela beren bizitza babesten saiatzen ari direnen oinarrizko eskubideak urratzea.
Txostenaren aurkezpena bihar Bilbon
‘Deserrotuak, bipiltze eta mugen arteko ibilbidea’ txostena jendaurrean aurkeztuko da bihar, asteazkena, urriak 9, 18:00etan, Bilborock aretoan (Mesedeetako kaia 1, Bilbo).
Aurkezpenean honako hauek hartuko dute parte: Patricia Barcenak, Defensor del Pueblo-en bigarren ondokoak, Kanaria Uharteetako egoera humanitarioaren aurrean erakundeak egindako jarduerak eta gomendioak aztertuko ditu; Joana Abrisketak, Zuzenbidean doktore eta Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Ekintza Humanitarioko Masterraren zuzendariak, Migrazioaren eta Asiloaren Europako Itunaren gako nagusiak aztertuko ditu; eta Amaia Iguaranek, SMH Itsas Salbamendu Humanitarioaren Aita Mari ontziko eragin politikoaren, generoaren eta hezkuntzaren arduradunak, erreskate humanitarioko ontziek bizi duten kriminalizazio-egoerari buruz hitz egingo du.
Halaber, beste hauek ere hartuko dute parte: Abdoulaye Sarr-ek, SOS-Arrazakeria Gipuzkoako aktibista eta gizarte-hezitzaileak, arrantza-espoliazioari eta horrek senegaldarren erbesteratzearekin duen loturari buruzko begirada eskainiko du, eta Raquel Celisek, txostenaren egilekideak, haren ondorio nagusiak aurkeztuko ditu. Ekitaldia Tfarrah idazle sahararrak itxiko du, Devenir Seiba liburuaren egileak.
“Deserrotuak” lan-ildoak Eusko Jaurlaritzaren Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Donostiako Udalaren finantzaketa izan du 2021etik.
Harremanetarako informazioa: 688689512 / comunicación@zehar.eus
Zehar-Errefuxiatuekin elkarteari buruz Zehar-Errefuxiatuekin elkartea Euskal Autonomia Erkidegoan egoera bereziki zaurgarrian dauden errefuxiatuen, aberrigabeen eta migratuen giza eskubideen defentsarekin eta integrazioarekin konprometitutako erakundea da. 25 urte baino gehiagoko esperientziari esker, erakundea erreferentea da gizaki orok nazioarteko babesa bilatzeko duen eskubidea aitortzeko borrokan.