Abenduak 18. Migratzaileen Nazioarteko Eguna

Erakundeak bost koadernotxo egin ditu, lan-eremuan, aisian eta kultur eskubideak erabiltzean, etxebizitza, banku eta polizia-identifikazioetan diskriminazioaren bat gertatzen denean jarduteko prozedurak ezagutzeko tresna erabilgarria izan nahi dutenak.

Bost koadernotxo horiek “lAGORAtorio: praktika egokien ikerketa eta kultura-aniztasunari, elkarbizitzari eta diskriminazioari buruzko proposamenen eraikuntza partekatua pertsona errefuxiatuekin” proiektuaren zati dira, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza izan dute.

Bilbo, 2024ko abenduaren 17a. Migratzaileen Nazioarteko Egunean, urtero abenduaren 18an ospatzen dena, Zehar-Errefuxiatuekinek tratu-berdinarekin, errespetuarekin, bizikidetasunarekin, aniztasunarekin eta pertsona guztien Giza Eskubideekin duen konpromisoa berresten du, bereziki errefuxiatuen, desplazatuen, aberrigabeen eta migratzaileen kasuan, eta arreta jartzen du edozein jatorri duen pertsona orori harrera egitean, diskriminaziorik gabe.

«Egunerokoa errefuxiatuekin partekatzen dugunok badakigu haien jatorrizko herrialdeetan jasaten zituzten eskubide-urraketak ez direla desagertzen hona heltzean. Harrera egiten diegu, bai, baina baita diskriminatu ere. Handikeriaz egiten dugu gainera, diskriminazioa instituzionalizatzen duten legezkotasunaren eta praktiken bitartez. Baina baita maila txikian ere, egunerokoan ezagutzen ez dugun beste pertsonen gainetik jartzen dugunean gure burua», azaldu du Javier Canivellek, Zehar‑Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariak. Eta honakoa gaineratu du: «Harrera egiteaz ari garenean, ez gara soilik ari ostatua edo bizitokia emateaz. Euskal gizartearen parte diren errefuxiatuak ezagutzeaz ari gara, haien historia ezagutzeaz, haien kultura, haien ibilbidea eta ezagutzak balioan jartzeaz, eta gurera hurbiltzeaz; guztiok espazioak eta bizipenak partekatu eta benetako kulturarteko bizikidetasuna sustatu dezagun».

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak bost koaderno eratu ditu errefuxiatuen eta migratzaileen egunerokoan bost eremu desberdinetako diskriminazioari edo arrazakeriari aurre egiteko. lAGORAtorio: praktika egokien ikerketa eta kultura-aniztasunari, elkarbizitzari eta diskriminazioari buruzko proposamenen eraikuntza partekatua pertsona errefuxiatuekin proiektuaren parte dira eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza jaso du proiektuak.

Migratzaileen eta errefuxiatuen bizipenetan oinarritutako hausnarketatik eratorritako diskriminazio-eremuak

Bost koadernoak lAGORAtegi izeneko topaketa eta entzuteko espazioetan landu dira, agora eta laborategi hitzen arteko nahasketatik eratorria da hitza. Errefuxiatu, migratzaile edota arrazializatutako pertsonak hirugarrenek diseinatutako politiken edo ekintzen subjektu pasiboak izan ordez, subjektu politiko gisa haien ahotsa erabiltzeko eztabaidagunea dira lAGORAtegiak. Gizarte‑kohesiorako eta berdintasunerako lagungarriak diren tresnen eta politiken diagnostikoa egiteko, horiek proposatzeko eta aktibatzeko erabiltzen dute haien ahotsa.

Gune horiek aktiboki entzuteko eta aitormena emateko balioa dute, eta, batez ere, lasaitzeko, izan ere, oraindik aitormena eman ez dien gizartean egunero eutsi egin behar diote. Euskadin lan-eremuan, etxebizitza eskuratzean, banketxeetan eta poliziaren identifikazioetan errefuxiatuek eta migratzaileek zein aisian eta kultur eskubideak erabiltzean bizi duten diskriminazioaren diagnosia egin da. Haien ekarpenak eta testigantzak, egun dauden tresnekin eta jardunbide egokiekin batera, koadernoetarako lehengaiak izan dira. Diskriminazio horietakoren bat gertatzean jarraitu beharreko prozedurak ezagutzeko tresna erabilgarria izatea da xedea. Alde batetik, askotariko kulturetako emakumeak aisian eta kultur eskubideak erabiltzean baztertzea, eta bestetik orokorrean lan-eremuan eta  etxebizitza alokairuetako arrazakeriaren, finantza-diskriminazioaren eta banketxeen praktiketako arrazismoaren, eta profil etnikoaren araberako polizia identifikazioen aurkako tresnak biltzen dituzte hiru koadernoek.

«Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak indarkeria eta jazarpenengatik haien etxeetatik ihes egin eta haien herrialdeetatik alde egiten duten pertsonekin lan egiten du. Gure herrialdera heltzean, jazarpena ez da amaitzen, aldatu egiten da, eraldatu egiten da, eta arrazakeria eta diskriminazio gisa materializatzen da, haien egunerokoa bilakatzen da. Ezinbestekoa da gizartea sentsibilizatzea eta heztea egoera horiekin amaitzeko eta gizarte barneratzaile eta ekitatiboak eraikitzeko», adierazi du Javier Canivellek, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko zuzendariak.

Diskriminazioaren aurrean nola jokatu behar den jakiteko tresna erabilgarriak

Koadernoak gizarte- eta instituzio-egituren esku jarri dira Eraberean Sarearen bidez, Eusko Jaurlaritzak sustatutako sarea arraza-, etnia- edo nazionalitate-jatorriagatiko edo sexu‑orientazioagatiko eta sexu- edo genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurka borrokatzea helburu duena, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duen bizikidetasuna eta aniztasuna sustatzeko. Duela hamar urte Zehar-Errefuxiatuekin sareko kide dela, baita bestelako elkarteak, entitateak edo instituzioak ere, gure lurraldean diskriminazioaren aurkako borroka indartzeko oinarri izan dadin.

Liburuxkak gainera, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz daude eskuragarri Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen webgunean: https://zehar.eus

 

 

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteari buruz

Zehar-Errefuxiatuekin giza eskubideen defentsarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan migratutako pertsonen integrazioarekin konprometitutako erakundea da. Ia 30 urteko esperientziarekin, erakundea erreferentea izan da gizaki orok nazioarteko babesa bilatzeko duen eskubidea onartzeko ahaleginean.