Arabako Foru Aldundiaren, Zehar-Errefuxiatuekin eta Entre tanto Entretente-Bitartean Jolasean ekimenaren helburua da jatorri desberdinetako pertsonak mahai batean esertzea, zurrumurru arrazistak eta xenofoboak zalantzan jartzeko eta bizikidetza sustatzeko 

Iaz, 37 nazionalitateko 1.228 pertsona bildu ziren Arabako hamabost udalerritan

Gasteiz, 2024ko urriaren 24a. ‘Hamaika zapore, mila istorio – Mil sabores, mil historias’ lelopean, azaroaren 24an, igandea, Arabako hainbat etxek eta txokok bat egingo dute Bizilagunak ekimenarekin. Ekimen hori Euskadi osoan egiten da eta bere helburua da mahai baten inguruan jatorri kultural desberdinetako bizilagunak biltzea, zurrumurru arrazistak eta xenofoboak zalantzan jartzeko eta bizikidetza sustatze aldera.

Arabako zortzigarren edizioa da, Arabako Foru Aldundiak, Zehar-Errefuxiatuekin eta Entretanto Entretente-Bitartean Jolasean elkarteak elkarrekin egindako proiektua. Jarduera hori bat dator kulturen arteko elkarbizitza sustatzea helburu duen aniztasuna kudeatzeko 2021-2024rako estrategiarekin. Estrategia hori landa eremuko udalerrietara dago bideratuta. Haren helburuetako bat da biztanleria migratuari eta arrazializatuari lotutako zurrumurruei, aurreiritziei eta estereotipoei aurre egitea, askotan bizikidetza zailtzen baitute, eta topaguneak eta harreman-guneak bilatzea.

Iaz, 37 nazionalitate desberdinetako 1.228 pertsona bildu ziren lurralde osoko hamabost udalerritan egindako bazkarietan; kulturarteko topaketen % 60 landa eremuko herrietan egin ziren.

Joana del Hoyo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak aurkezpenean nabarmendu duenez, Araban badago “zurrumurruen aurkako eragile gisa eratu diren pertsonen sare finkatua. Pertsona horiek jarrera aldaketan parte hartu nahi dute, beren ingurune hurbilenei informazioa emanez eta sentsibilizatuz, immigrazioari buruzko estereotipo negatiboei aurre egiteko”.

Aurkezpenean, zuzendariarekin batera izan dira June Astobiza Ugarte, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko Eragin eta Partaidetza Sozialerako taldeko kidea; Bárbara Martínez Ábalos, Entretanto Entretente-Bitartean Jolasean elkarteko Esku Hartze Komunitarioko teknikaria; eta Asmae Bentounsi, dinamizatzaile eta Bizilagunak ekimeneko partaideak.

Joana del Hoyok azpimarratu duenez, azaroaren 24ko kulturarteko bazkariak “pastelaren ginda” izango dira, “egunez egun eta urte osoan” Arabako kuadrilla guztietan sortu diren bizikidetza taldeek egiten duten lanaren barruan. Aldi berean, lurraldeko eragile asoziatibo, tekniko eta politikoek eta, balioa eman dio “batez ere, Arabako zurrumurruen aurkako sareak osatzen dituzten bizilagunek egiten duten lanari”.

June Astobiza Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko ordezkariak nabarmendu duenez, “Bizilagunak elkarguneak sortzeko bultzada txiki gisa sortu da”. “Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen ustez, bizilagunen arteko elkarrizketak, hizketaldi adiskidetsuak, elkar ezagutu eta aitortzeak, bakoitzaren bizipenak trukatzeak eta gure kaleak partekatzeak Araban bizi diren pertsona guztien parte hartze komunitarioa errazten du, bizitzako eremu guztietan”.

Bestalde, Barbara Martínezek, Entretanto Entretente-Bitartean Jolasean elkartekoak, edizio honen leloa aipatu du, eta honako hau ziurtatu du: “Historia bakoitza garrantzitsua da, eta askotan ez ditugu ezagutzen gure bizilagunek dakartzatenak. Horixe da Bizilagunak eskaintzen duena, ‘albokoa’ gehiago ezagutzeko aukera bikaina, bereziki garrantzitsua baita bizikidetza eta bakea arriskuan dauden mundu honetan”. “Parte hartu nahi duen oro animatzen dugu, aukera paregabea baita jende berria ezagutzeko, harreman berriak ehuntzeko eta beste bizilagun batzuk entzuteak eta ezagutzeak dakarren esperientziaz gozatzeko”, amaitu du.

Ekimen honekin bat egin dute honako hauek: ZAS Zurrumurruen Aurkako Sarea; SOS Arrazakeria; Arabako Lautadako, Aiarako, Añanako, Gorbeialdeko, Arabako Errioxako eta Arabako Mendialdeko kuadrillek eta Aguraingo, Asparreneko, Amurrioko, Artziniegako, Laudioko, Iruña Okako, Urkabustaizko, Arraia-Maeztuko, Kanpezuko, Eltziegko, Iekorako, Lapuebla de Labarca-ko, Samaniegoko eta Oiongo eta Guardiako udalek.

Argibideak eta izena emateko epea helbide honetan:  web.araba.eus/eu/kulturartetasuna/zurrumurruen-aurkako-estrategia