Narratiba sozial eta mediatikoetako estereotipoek eta ordezkaritza txikiak emakume errefuxiatu, migratzaile eta arrazializatuen parte-hartze soziopolitikoa eragozten dute, Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen arabera

  • Indarkeria sinbolikoak maila bat gora egiten du, eta diskriminazio eta indarkeria arrazista eta sexista bihurtzen da eguneroko elkarrekintzetan. Horrela, emakume errefuxiatu, migratzaile eta arrazializatuen aurkako indarkeria-zikloa betikotu egiten da.
  • Kulturen arteko bizikidetza errazteko, narratiba eta irudikapen nagusiak kritikoki aztertu behar dira, eta, aldi berean, emakume errefuxiatu, migratzaile eta arrazializatuek sortu eta protagonista dituzten narratibak kokatu eta ikusarazi behar dira ezagutza, komunikazioa eta kultura eraikitzeko espazioetan.
  • Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen “Sareginak” proiektuaren aurkezpen ofiziala azaroaren 30ean egingo da, Bilbon, Fair Saturday jaialdiaren barruan. Proiektu honen bidez, Euskadiko emakume errefuxiatu eta migratzaileak ahaldundu nahi dira, eta parte-hartze soziopolitiko eta kultural handiagoa eman nahi zaie. Horretarako, errefuxiatu/migratzaileak eta bertakoak izanik, gaur egun Euskadin bizi diren sei emakume artistarekin egindako Laborategi Kulturalean jarriko dugu arreta, hiru diziplina artistikori lotuta: argazkigintza, poesia eta antzerkia.

Sareginak proiektuari buruzko informazioa

Bilbo, 2024ko azaroaren 25a. Urtero azaroaren 25ean egiten den Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren barruan, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak agerian jarri nahi du emakumeen ahotsek eta gorputzek, sexu-identitate ez-normatiboek eta dibertsitate funtzional fisiko, kognitibo edo sentsoriala dutenek ordezkaritza txikia dutela narratiba sozial eta mediatikoetan, eta horrek eragotzi egiten duela haien parte-hartze soziopolitikoa. Nagusi diren narratibek ikusezin bihurtzen dituzte eta/edo lekukotasun-balioa ematen diete emakume horiek sortu eta protagonista dituzten narratibei, eta, irudikatzen dituztenean, indarkeriaren biktima gisa edo feminizazio handiko edukiei lotuta agertzen dira, hala nola zainketekin edo bizitzaren erreprodukzio sozialarekin lotuta.

“Emakume errefuxiatu, migratzaile eta arrazializatuen aurkako hasierako indarkeria sinboliko horrek maila bat gora egiten du, eta modu zuzenago eta kaltegarriagoetan agertzen da eguneroko elkarrekintzetan, eta, horrela, betikotu egiten da haien aurkako indarkeria-zikloa”, azaltzen du Marta García Teránek, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko intzidentzia eta partaidetza sozialeko zuzendariak. “Ahots desberdinak falta dira, bereziki emakume errefuxiatu, migratzaile eta arrazializatuenak, ikuspegi eta esparru desberdinetatik konta ditzaten historiak. Gainera, ezagutza, komunikazioa edo kultura eraikitzeko espazioetan

sartzea lortzen dutenek ere alboratuta jarraitzen dute generoa, etnia, klasea, sexu-identitatea eta adinagatik. Horrek desabantaila handiko egoeretan jartzen ditu, eta hainbat zapalkuntza-moduren mende”.

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak ikuspegi multidimentsionalarekin aztertzen ditu narratibak, batez ere immigrazioaren aurkako diskurtsoak dituztenak, eta argi ikusten du horietan emakumeak nola irudikatzen diren aztertu behar dela. Hau da, zer balio eta ideia indartzen diren, zer genero-alborapen dauden, eta horiek nola eramaten gaituzten migrazio-identitatea estereotipo negatiboetara, edo norberarenak ez baizik eta besteen begiradak aukeratu dituen esparruetara, mugatzen edo lotzen duten imajinarioak indartzera.

Hedabideek, publizitateak, fikzioak eta kultura-ekoizpeneko espazioek helarazten dizkiguten narratibek gorputz beltzak deshumanizatzen jarraitzen dute funtsean, eta pertsona beltz eta arrazializatuak iritsi berritzat jotzen dituzte betiko. Salbuespenaren narratibak jende beltza heroi gisa elkarrizketatzeko aukera baino ez du jasotzen, zerbait egiten duen edo espero ez zen espazio batera iristen den lehen pertsona beltz gisa, edo arrazakeriaz nahiz xenofobiaz hitz egiteko soilik balio duen testigantza moduan. Horrela, narratiba anekdotara mugatzen da, haien ezagutzak, lan-esperientzia eta/edo prestakuntza alde batera utzita, eta, gainera, pertsona beltz eta arrazializatuak hipersexualizatu egiten dira, emakumeak bereziki.

“Immigrazioaren aurkako diskurtsoak argudiorik gabe utziko dituzten esparruak eraikitzeko, funtsezkoa da hedabideen, erakunde publikoen, kultura-eragileen nahiz gizarte-erakunde eta -mugimenduen rola, narratibak arrazakeriaren aurkako komunikazio-ikuspegi inklusibo batetik eraikitzeko”, dio García Teránek. “Harreraz hitz egiten dugunean, ez gara ari ostatu emateaz soilik, bizitoki bat eskaintzeaz. Pertsona errefuxiatuak guztion artean osatzen dugun euskal gizartearen parte gisa onartzeaz ari gara, haien historia eta kultura ezagutzeaz, ibilbidea eta ezagutzak balioesteaz eta gurea haiei hurbiltzeaz, denon artean espazioak eta bizipenak parteka ditzagun eta kulturen arteko benetako bizikidetza sustatzeko”.

Emakumeak artearekin saregintzan 

Zehar-Errefuxiatuekin erakundea “Sareginak” proiektua gauzatzen ari da. Honen bidez, parte-hartze soziopolitiko eta kultural handiagoa eman nahi zaie emakume errefuxiatu eta/edo migratzaile eta euskaldunei, emakumeen aniztasuna eta eragintza agerian jarriko duten narratiba berriak eraikitzeko, ikuspegi intersekzionaletik.

Proiektu hau Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak finantzatzen dute lehen fasean, eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, hasten ari den II. fase honetan. “Sareginak” proiektuan metodologia berritzaileak erabiltzen ari gara, euskal herritarren sektore berrietara iristeko, estrategia integral baten bidez. Estrategia horrek honako hauek biltzen ditu: ikuspegi feminista intersekzional eta dekoloniala duen ikerketa parte-hartzailea, hedabideetan, kulturan eta komunikazio soziopolitikoan egiten diren narratibei buruz; diziplina anitzeko Laborategi Kultural bat (poesia, musika eta antzerkia, besteak beste), genealogia feministako narratiba autobiografikoak eraikitzeko ahalmenak garatzeko eta indarkeriak konpontzeko; era askotako emakumeak protagonista dituzten kultura eta komunikazio komunitarioko esperientzien trukea sustatzea; eta herritarrak sentsibilizatzea eta erakunde publikoetan eragitea, hausnarketarako eta hedapenerako hainbat espazioren bidez.

Emakume artista errefuxiatu eta migratzaileak Fair Saturday jaialdian, azaroaren 30ean, Bilbon

Azaroaren 30ean, larunbata, Bilbon eragin soziala duen Fair Saturday arte- eta kultura-jaialdiaren barruan, Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen “Sareginak” proiektuaren aurkezpen ofiziala egingo da. Jardunaldia Yimby Street Achúcarro aretoan egingo da (Atxukarro Doktorearen kalea, 3), eta 10:30ean hasiko da ikus-entzunezko erakusketa batekin. Bisita gidatua egingo da proiektuak barne hartzen duen argazki-laborategiarekin lotuta egin den lana ezagutzeko.

11:00etan, bi tailer espres egingo dira, bata argazkigintzakoa, Lorna Biermann-ek eta Sara Elisabet Gimenok gidatuta, nola begiratzen gaituzten hausnartzeko, eta antzerkigintzakoa bestea, Getari Etxegaraik eta Tanya de la Cruz-ek zuzenduta, arrazakeriaren aurkako umorezko esketxen interpretazioa lantzeko.

12:30ean, elkarrizketa-mahaia egingo da: “Emakumeak artearekin saregintzan”. Lola Boluda Guigó-k eta Lina Jiménez Numpaque-k hartuko dute parte, eta Lorna Biermann eta Sara Elisabet Gimeno arituko dira moderatzaile-lanetan.

Arratsaldean, 18:00etan, “Dejar Atrás la Casa en Llamas” errezital poetiko-eszenikoa egingo da, hau da, poesia-laborategiko sorkuntza-lan poetikoen aurkezpen bat, Jara Calvo, Tfarah Myeslem eta Rove Rivera-ren eskutik. Eta egunari amaiera emateko, 19:00etan, Ajala la Necia-ren musika-emanaldia izango da.

 

Harremanetarako informazioa:
688689512 / comunicación@zehar.eus

 

 

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeari buruz 

Zehar-Errefuxiatuekin giza eskubideen defentsarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan migratutako pertsonen integrazioarekin konprometitutako erakundea da. 25 urte baino gehiagoko esperientziarekin, erakundea erreferentea izan da gizaki orok nazioarteko babesa bilatzeko duen eskubidea onartzeko ahaleginean.