Bilbo, 2026ko martxoaren 2a. Ivania Cruz, El Salvadorreko abokatu, aktibista eta Giza Eskubideen defendatzailea, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren Asilo eta Babes Bulegoak errefuxiatu egoera aitortu dio. Zehar-Errefuxiatuekin eta Martin Etxea —Mundubat Fundazioaren baitako pertsona migratzaile eta asilo-eskatzaileentzako harrera gunea— defendatzailea eta bere familia lagundu ditugu nazioarteko babes-eskaeraren prozesu osoan zehar; prozesua 2025eko maiatzaren 20an hasi zen.
Bere senarra, Rudy Joya, bera ere abokatu eta Giza Eskubideen defendatzailea, oraindik eskaeraren ebazpenaren zain dago, bere espedientea izapidetzen ari baita.
Bi eskaerak El Salvadorreko gobernuko agenteek egindako jazarpen ekintzek eragin dituzte: etengabeko jazarpenean, etxebizitzetan egindako miaketetan, mehatxuetan, zaintzan, jarraipenetan eta bestelako intimidazioetan gauzatu dira. Errepresio transnazional hori haien lanaren ondorioa da, besteak beste, honako erakunde hauetan egindako defentsa juridikoagatik: Comité de Familiares de Presas y Presos Políticos de El Salvador (COFAPPES) eta, bereziki, Unidad de Defensa de Derechos Humanos y Comunitarios (UNIDEHC). Bere jarduna prozesu politikoen defentsan gauzatu du, salbuespen-araubidearen testuinguruan eta kaleratze mehatxupean dauden komunitateen auzi judizialetan; horren adibide esanguratsuak dira Comunidad La Floresta komunitatearen kasua eta Fidel Zavalaren askatasunaren aldeko borroka.
2022ko martxoaren 27az geroztik, El Salvador salbuespen-egoeran dago. Egoera hori indarrean sartu zenetik, giza eskubideen urraketa larri eta sistematikoak gertatu dira, eta nazioarteko hainbat erakundek salatu eta egiaztatu dituzte; tartean, 2025eko urtarrilean herrialdea bisitatu zuen Euskal Ordezkaritzak, komunikabide askok eta Ivania Cruzek berak ere askotariko foro eta espaziotan.
Nazioarteko babesaren aitortza
2025eko NARE programaren baitan El Salvadorrera egindako bisitan, Ivania Cruzek eta Rudy Joyak beren egoeraren berri eman zioten Euskal Ordezkaritzari. 2025eko urtarrilaren 30ean, familiarekin batera, behartutako erbesteratzea bizi izan zuten. Ordutik, Gallartan (Bizkaia) dagoen Martin Etxean bizi dira, giza eskubideen defendatzaileentzako harrera eta babeserako etxean. Handik jarraitu dute beren lana abokatu, aktibista eta defendatzaile gisa.
Hala ere, jazarpena askoz lehenago hasi zen: 2021az geroztik ari dira erregimen salvadortarraren indarkeria eta presioak pairatzen. Cruzek, Joyak eta haiekin batera dauden senideek oinarri sendoak dituzte arrazoi politikoengatik edo gizarte-talde jakin bateko kide izateagatik jazartuak izateko beldurra dutela ondorioztatzeko. Horregatik eskatu zuten asiloa eta errefuxiatu izaera; oraingoz, Ivania Cruzen kasuan ebazpena aldekoa izan da.
Herrialdea utzi eta babesa bilatu behar izan ondoren ere, Nayib Bukele buru duen erregimenak jazarpenarekin jarraitu du, Ivania Cruzen estradizioa eskatuz. Nazio Batuen Erakundeko errelatore eta adituek gogor kritikatu dute nazioarteko alertak erabiltzea —pertsona defendatzaileak lokalizatu, atxilotu eta estraditatzeko— nazioarteko babesa eskatu duten kasuetan, hala nola Ivania Cruz eta Rudy Joyaren egoeran.
Zehar-Errefuxiatuekin erakundetik positiboki baloratzen dugu Barne Ministerioaren erabakia, eta gure esker ona adierazi nahi diogu babes-sare sozial osoari, bereziki Mundubat Fundazioari, Giza Eskubideen aldeko familia salvadortar honi emandako babes eta harreragatik.
