Martoak 31: Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna

Bilbo, 2026ko martxoaren 31. Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen, Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna aldarrikatu nahi dugu honako gogoeta honen bidez:

Existzia ikusgarria El Salvadorren

“Gogoeta hau El Salvador-eko egungo testuingurutik sortzen da; gaur egun emakume trans izateak esan nahi du segurtasun publiko “arrakastatsu” gisa aurkezten denaren eta, guretzat, isilean apurtzen ari den giza segurtasunaren artean bizitzea. Honetaz idaztea ez da ariketa akademiko hutsa; gure existentzia bere nazio-ereduarekin “bateraezina” dela erabaki duen Estatu baten aurrean erresistentziaren lekukotza da.

Atzerapausorik handiena ez da soilik egiten dena, baizik eta izendatzeari uzten zaiona. Azken urteotan, Genero Identitatearen Legearen aldeko borrokatik, “genero” hitza hezkuntzatik, ministerioetatik eta diskurtso ofizialetatik ezabatu den egoera batera igaro gara.

“Naturaren” kontakizuna: genero-identitatea “naturaren aurkakoa” dela esatean, Salvadorreko Estatuak ez gaitu soilik baztertzen, deshumanizatu ere egiten gaitu. Horrek arreta-espazioak ixtea eta inklusioaren alde lan egiten zuten pertsonak jazartzea justifikatzen du.

Itxaropenaren artxiboa: 2022an Konstituzio Auzitegiak emandako agindua —Asanbleari izena aldatzeko mekanismo bat sortzera behartzen ziona— legegintzaren ahanzturan galdu da. 2026ko El Salvadorren, gure nortasun-agiria (DUI) gure lehen muga eta lehen zigorra izaten jarraitzen du.

Salbuespen Erregimena: zaurgarritasun bikoitza. Diskurtso ofizialak homizidioen jaitsiera ospatzen duen bitartean, emakume transok bestelako beldur bati egin behar diogu aurre. Testuinguru honek ingurune bat sortu du, non polizia-aurreiritziek eta indarkeriak ia kontrolik gabe jarduten duten.

Estigman oinarritutako profilaketa: eremu zaurgarri batean emakume trans izateak berez “susmagarri” bihurtzen zaitu. Atxiloketa arbitrarioen arriskuari gehitzen zaio gure identitateak kriminalitatearekin lotzen dituen estigma historikoa.

Datuen isiltasuna: gero eta zailagoa da jakitea gutako zenbat hil edo desagerrarazi dituzten. Informazio publikoa eskuratzeko oztopoek eta salatzeko beldurrak —babestu beharko gintuzkeen sistemaren beraren errepresalien beldur— estatistika ikusezin batean murgiltzen gaituzte.

Osasuna eta bizitza: egunerokoaren atzerakada. Osasun-sisteman genero-ikuspegia ezabatzea ez da eztabaida ideologiko bat; bizitza edo heriotza kontua da. Arreta espezifikorako protokolorik gabe, emakume transok hormonak automedikatzera behartuta jarraitzen dugu, eta ospitaleetako zein osasun-zentro publikoetako tratu txarren aurrean zaurgarri.

Lan-aukerarik ezak —legezko identitate faltak areagotua— sexu-lanera edo erbesteratzera bultzatzen gaitu. Askorentzat, El Salvadorrek eskaintzen duen “babes” bakarra iparraldera ihes egiteko autobus-terminala da.

Gaur egun El Salvadorren emakume trans izatea erresistentzia da: existitzen ez garela edo “familientzako arriskua” garela sinetsarazi nahi digun herrialde batean bizitzea. Hala ere, identitatea ez da dekretu batekin edo txio batekin ezabatzen. Gure existentzia bera da errebeldia-ekintzarik handiena.

Atzerapausoak gorabehera, gure arteko zaintza-sarea bizirik dago. Borroka ez da jada lege baten aldekoa bakarrik; beldurrik gabe espazio publikoa okupatzeko eskubidearen aldekoa da, gure izena errespetatua izan dadin, eta justizia ez dadin izan molde ofizialean sartzen direnentzat bakarrik gordetako pribilegioa.”

Aranza Santos

Scroll to Top