Bihar Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Eguna da eta horren harira, errefuxiatuek etxe bat eskuratzerakoan jasaten duten diskriminazioan jartzen du arreta ZEHAR errefuxiatuekink.

Euskadin etxe bila hasten diren etorkinak eta errefuxiatuak oso ohituta daude esaldi hau entzutera: “Pisua alokatzen da: etorkinak ez”. Asiloa eskatzen dutenean, zehaztutako bide-orriaren arabera, 6-9 hilabeteko epe bat izaten dute, eta, aldi horretan, errefuxiatuak abegi-etxeetan bizi ohi dira, iritsierako lehen hilabeteetan oinarrizko beharrak estalita izan ditzaten. “Arazoa aldi hori amaitzen denean hasten da” adierazi du Rosabel Argotek, ZEHAR errefuxiatuekinko Kulturen Arteko Bizikidetza arloko arduradunak, eta hau gaineratu du: “aldi hori pasatzean, etxe bat alokatu behar izaten dute, beren kontura, beren gizarteratze-prozesuarekin jarraitzeko. Horrez gain, lana bilatu behar izaten dute, hizkuntza ikasi, lagunak egin, etab. Finean, Euskadiko ohiko egoiliar izango diren aldetik, beren gizarte-ehuna eratzen hasten dira aldi horretan”.

Eskubide hori eskuratzeko jasaten duten diskriminazioa hainbat arlotan gertatzen da:

  • Ezezkoa atzerritik etorritako pertsonei. Higiezinen zenbait agentziak argudiatzen dute jabeek ez dietela pisua atzerritarrei alokatu nahi. Horri dagokionez, magrebtarrek eta Saharaz hegoaldeko pertsonek izan ohi dituzten zailtasun gehien.
  • Baldintza ekonomikoak. Alokairuen prezioa igotzen ari da, oro har, eta, batez ere, turismo gehien dagoen hirietan, Donostian, esaterako. Opor-etxebizitzak alokatzearen eraginez, alokairuko etxeen eskaintza nabarmen gutxitu da. Horrenbestez, hain eskaera handia eta hain eskaintza txikia dagoenez, higiezinen agentziek eta etxejabeek etxea nori alokatu erabaki dezakete, inolako negoziaziorik gabe, eta, horrez gain, baldintzak jar ditzakete, asilo-eskatzaile diren pertsona askok bete ezin dituzten baldintzak.
  • Gehiegikeriak edo iruzurrak. Egiaztatu ahal izan denez, zenbait pertsonak bitartekari-lanak egiteko aurkezten dute beren burua; hala, dirua aurreratzeko eskatzen dute, denbora gutxian pisu bat izango dutela agintzen diete, eta, gero, desagertu egiten dira, diru eta guzti. Beste zenbait kasutan, logelen prezioa garestitu egiten da erroldatzeko aukeraren trukean.

ZEHAR errefuxiatuekin Eraberean sarea osatzen duten erakundeetako bat da; Eraberean, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako sare bat da, migratzaileen, ijitoen eta LGTBI kolektiboko pertsonen diskriminazioaren aurka borrokatzeko. 2017an, ZEHAR errefuxiatuekink etxea eskuratzerakoan diskriminazioa jasan zuten asilo-eskatzaileen 28 kasu erregistratu zituen sarearen markoan, eta horiek identifikatu diren kasuak baino ez dira.

Askotan mobilizatu izan dira instituzioak eta gizarte zibila, Euskadi errefuxiatuen harrera-lurraldea izan dadin aldarrikatzeko. Baina elkartasuna ezin da amaitu leku seguru batera iristea lortzen dutenean; harrera egitea ez da soilik ostatu ematea. Jada hemen daudenean ere, beren giza eskubideak bermatu behar dira, etxe duin bat eskuratzeko eskubidea, besteak beste.