Bilbo, 2025eko azaroaren 14a.
2025eko azaroaren 13ko osteguneko goizean, gutxienez Malitiik etorritako bost pertsona atxilotu zituzten Anoeta estadioaren inguruetan, Donostiako Zehar-Errefuxiatuekin eta SOS Arrazakeriaren bulegoetatik oso gertu. Guztiak Atzerritarren Poliziaren Brigadaren aurrean aurkeztu zituzten, eta espediente zigortzaile bat ireki diete, Espainiako lurraldeko kanporaketa ekar lezakeen.
Zehar-Errefuxiatuekin eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa elkarteetatik azpimarratu nahi dugu Mali gerraren egoeragatik, arriskuan dagoen herrialdea dela, eta populazio zibila egoera larrian bizi dela. ACNURen arabera, 360.000 pertsona baino gehiago daude barne desplazatuta, eta 2013az geroztik 90.000 malitar baino gehiagok bilatu dute babesa herrialdetik kanpo. Estatu mailan, Mali jatorriko pertsonei kasuen %98an aitortzen zaie pairatzen duten arriskua, eta, horren ondorioz, babes subsidiarioa jasotzen dute; nazioarteko babesaren figura bat da, asiloa osatzen duena.
Testuinguru honetan, bereziki kezkagarria da Donostian asilo-prozedurara sarbidea izateko dauden zailtasun handiak, hitzordua modu normalizatuan lortzea ia ezinezkoa baita. Pertsonak salbu egoteko bide legal eta seguruak bermatzearen premia berresten dugu.
Zehar-Errefuxiatuekin eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa elkarteetatik, atxilotutako pertsonei lagundu zien abokatuarekin, egiaztatu ditugu gertakariak, eta haien defentsa juridikoaren eskura jarri gara, prozesu osoan laguntza eta babesa eskainiz. Diskurtso ofizialetan, aldarrikatzen da errefuxiatuak babesten direla eta migrazio erregularra sustatzen dela. Hala ere, praktikan Afrikatik datozen pertsonek ez dute benetako sarbide erregular edo segururik. Lurreko zein itsasoko ibilbideak egiten dituztenak ez dira asilo-eskatzaile edo nazioarteko babesaren merezitako gisa identifikatzen, baizik eta arau administratiboak urratzen dituzten pertsonen gisa. Azkenean, gehienek babes eskaera ukatua izaten dute, Maliko gatazkaren ondorioz ihes egiten duten pertsonen kasua salbu, hauek ia guztiek babes subsidiarioa lortzen baitute.
Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak lanean jarraituko du errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideak defendatzeko, egoera ahulean dauden pertsonei laguntza juridikoa eta babesa eskainiz.
