Albiste (I): Kolonbiako jarraipen-bisitan jarraitzen dugu NARE programan egon diren Giza Eskubideen Defendatzaileekin

Zehar-Errefuxiatuekin ordezkaritza honetan parte hartzen ari da Eusko Jaurlaritzarekin, eLankidetza – Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin, Eusko Legebiltzarrekin eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearekin batera

2026ko urtarrilaren 27a. Ordezkaritza Kolonbian izango da urtarrilaren 22tik 31ra bitartean, Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Euskal Babes Programan, NARE, parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen jarraipena egiteko.
Bisitaren lehen egunetan, euskal erakundeetako eta gizarte zibileko ordezkariak Cauca departamenduko hainbat erakunde sozialekin eta giza eskubideen defendatzaileekin bildu dira.

Kronika eta argazkiak: urtarrilaren 22tik 26ra

Cauca departamenduan hasi dugu NARE programako parte-hartzaile diren giza eskubideen defendatzaileen eta haien kolektiboen egoeraren jarraipen-bisita. SurOccidente eskualdeko antolaketa-prozesuetako liderrak, Vivamos Humanos Koordinatzaile Humanitarioan elkarlanean aritzen direnak, lurraldeetako egoeraren berri eman digute, bai eta herri indigenen, nekazari komunitateen eta herri beltzen arteko elkarlanetik sortutako bake-proposamenen berri ere.

Cajibíora joan gara Landa Garapenerako Nekazari Elkartearen (ACADER) inguruan antolatutako nekazari komunitateekin elkartzeko. Smurfit Westrock Cartón de Colombia enpresaren pinu eta eukalipto monolaborantzen hedapena ikusi dugu, nekazariei indarkeriaz kendutako lurretan. Erantzun instituzionalik ezean, komunitateek, herri-erresistentzia zilegiaren barruan, lurrak berreskuratzeko prozesuak abian jarri dituzte, enpresaren eta talde armatuen indarkeriaren erdian.

Caucako Kontseilu Indigenarekin (CRIC) izandako elkarrizketan, besteak beste, neska, mutil eta nerabeen derrigorrezko errekrutatzea izan dugu hizpide; indarrez kentzen dizkiete familiei eta komunitateei. Horien berreskurapenerako bideak martxan jartzen ari dira, baita prebentzio-estrategiak ere. Caucako Kontseilu Indigenarekin (CRIC) izandako elkarrizketan, besteak beste, neska, mutil eta nerabeen derrigorrezko errekrutatzea izan dugu hizpide; indarrez kentzen dizkiete familiei eta komunitateei. Horien berreskurapenerako bideak martxan jartzen ari dira, baita prebentzio-estrategiak ere.

Scroll to Top