Bilbon, 2026ko urtarrilaren 23an. Bihar, urtarrilaren 24an ospatuko den Hezkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak hezkuntzak pertsonen inklusiorako eta ahalduntzerako duen funtsezko eginkizuna azpimarratu nahi du. Hezkuntzak ahotsa ematen digu, eskubideak sendotzen ditu eta aukerak sortzen ditu, bereziki gure komunitatera babes bila eta etorkizun hobe baten bila iritsi diren pertsonentzat.
Zehar-Errefuxiatuekin elkartean formatu eta gai anitzeko material didaktiko ugari ditugu, eta laster zabalduko dira Deserrrotuak: Ez da klima, kapitala da ikastaro berriarekin. Halaber, 2024an eskainitako prestakuntzaren jarraipena izango den Derrigorrezko lekualdatzeak ikuspegi antirrazistatik lantzen izeneko prestakuntzaren bigarren edizioa ere martxan jarriko dugu. Interesa baduzu, adi egon!
Horrez gain, gure webguneko Ikasi atalean eskaintzen ditugun eduki guztiak nabarmendu nahi ditugu: txostenak, gidak eta hezkuntza-baliabideak, analisi teoriko-praktikoen bidez eta errefuxiatuek, migratuek, aberrigabeek eta giza eskubideen defendatzaileek bizitako esperientzia eta testigantzen bitartez errealitate horiek ezagutarazten dituztenak. Zehar-Errefuxiatuekin erakundean uste dugu material horiek gizarte osoarentzako ikaskuntza-tresna direla, behartutako desplazamendua, diskriminazioa eta bazterketa pairatzen dituzten pertsonen erronkak eta egoerak hobeto ulertzen laguntzen baitute.
Eskura dauden edukiak honako hauek dira, besteak beste:
- Emakume errefuxiatuen eta migratuen bizipenak eta narratibak ikusarazten dituzten txostenak.
- Hezitzaileentzat, erakundeentzat eta herritarrentzat zuzendutako gida praktikoak, inklusioa sustatzeko eta diskriminazioari aurre egiteko.
- Hainbat hizkuntzatan egindako materialak, informazioa eta baliabideak publiko zabalago bati eskuragarri egiteko.
Hezkuntzaren Egun honetan, ezagutza errealitatea eraldatzeko eta inklusio soziala sendotzeko tresna bihurtzera gonbidatzen zaitugu.
