“Bizitzeko ihes egin. Emakume Errefuxiatuak dira” kanpaina aurkeztu dugu
“Korrika egin hegan abiatzeko. Hegan egin dena atzean utzita. Amets bakar bat buruan: Beldurrik Gabe Bizitzea”. Horrela abiatzen da “Bizitzeko Ihes Egin. Emakume Errefuxiatuak dira” spota. Bere helburua da euskal herritarrak sexu-esplotaziorako salerosketari buruz sentsibilizatzea eta egoera horretan dauden emakumeei buruzko iruditeria aldatzen laguntzea, emakume horiek errefuxiatutzat har daitezen. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatu dute kanpaina.
ZEHAR errefuxiatuekink jazarpenetik ihes egiten duten emakumeei eta sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima direnei asilo eskubidea egiaz onartzea defendatzen du, eta horren alde egiten du borroka, baita behin hona iristen direnean beren jatorrizko herrira itzularaz ez ditzaten ere, horrek are arrisku handiagoan jarriko lituzke-eta. Sexu-esplotaziorako salerosketa giza eskubideen urraketa larria da, indarkeria matxista mota bat, eta genero-arrazoiek eragindako jazarpena da. Beraz, emakume errefuxiatuak dira. Alabaina, Espainiako Gobernuak 23 pertsonari baino ez die onartu nazioarteko babes hori arrazoi hori dela-eta.
Sexu-esplotaziorako salerosketaren muinean hiru zapalkuntza-sistema daude: arrazakeria, heteropatriarkatua eta kapitalismoa, eta, hain zuzen, hiru horien uztarketaren ondorio da arazo gordin hau. Emakumeen gorputzak merkantilizatzearen adierazpen larriena da, eta sistema kapitalistak sustatzen du merkantilizazio hori. Ez da kasualitatea biktimak emakumeak izatea eta, gainera, gehien-gehienak (%90) atzerritarrak izatea eta testuinguru ekonomiko pobretuetatik etortzea. Estatuan eta EAEn bertan, egoera horretan dauden emakume gehienak Nigeriatik, Errumaniatik eta Paraguaitik etorriak dira. Baina badira beste nazionalitate batzuetako emakumeak ere, hala nola Ekuatore Gineakoak, Nikaraguakoak eta Brasilgoak. Xenofobiak legitimatu egiten du haiekiko tratu desorekatua, eta “besteak” bihurtzen ditu.
Kanpaina honek emakume biktimaren estereotipo hori hautsi nahi du, eta egiaz zer diren azaldu nahi du: jazarpen horri aurre eginez bizirik iraun duten emakumeak, beren erresistentzia eta indarguneekin. Esteka honetan dituzue kanpainari buruzko informazio guztia eta sortutako materialak: http://setrataderefugiadas.cear-euskadi.org/eu/
Bizirik nago
“Bizirik nago” atala ere hor duzue; Clara, Jeanne eta Sarak egin duten ibilbidea jasotzen da bertan. Ibilbide horretan hainbat indarkeria jasan dituzte emakumeok, baina gainditzeko kemena izan dute, erresistentzia pertsonal eta kolektiboko estrategia ugariren bidez. http://setrataderefugiadas.cear-euskadi.org/historias/?l=eus
10 gomendio
Tresnak, baliabideak eta ikuspegi berriak eskaintzeko helburuarekin, dekalogo honetan 10 gako dituzue, sexu-esplotaziorako salerosketari buruzko informazioa nola eman jakiteko, betiere asilo-eskubidea kontuan hartuta. http://setrataderefugiadas.cear-euskadi.org/wp-content/uploads/2018/05/DECALOGO-EUS.pdf
Gorroto-diskurtsoaren aurkako 19 tresna
“Herritarrak diskurtso politiko xenofoboen kontra. Suteen Aurkako Gida” argitalpena aurkeztu berri du ZEHAR errefuxiatuekink, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren laguntzarekin. Tresna sortzen da herritarrei gorroto xenofoboaren diskurtsoei erantzuteko erreminten kutxa gisa. Ikusita eskuin muturreko iritzi publikoen gero eta korronte gehiago daudela eta gorroto-delituak ere modu kezkagarrian ari direla areagotzen (besteak beste, errefuxiatuen zentroen kontrako erasoak eta EBko hainbat herrialdetan asiloa eskatzen dutenen kontrako istilu arrazistak), gidak zenbait tresna ematen ditu herritarrek gertaera horien aurka egin dezaten.
Denera, 19 tresna ematen dira, hiru arlotan banatuta: juridikoa, mediatikoa, instituzionala eta herritarrena. Tresna hauek aktiba daitezke iritzien liderrek edo arlo politikoko eta sozialeko ordezkariek herritarren kohesioari su ematen diotenean, atzerritarrak edo errefuxiatuak diskriminatzen, iraintzen eta difamatzen dituzten edo horiek gorrotatzera edo baztertzera bultzatzen duten diskurtsoekin. Hona hemen zenbait adibide: litigazio estrategikoa egitea, salaketa jartzea herri-akzio gisa, erreklamazioak jartzea alderdi politiko bakoitzeko batzorde etikoei, prentsan zuzendariarentzako gutunak idaztea diskurtso iraingarriei kontrako narratibak aurkezteko, eta herritarren plataformen bitartez mobilizazioak egitea, adierazpen arrazisten eta xenofoboen hartzaile diren komunitateak defendatzeko.
Gidak sarrera bat du, eta “hor zerrendatzen dira azken hilabeteotan errefuxiatuen aurka piztu diren sute sozial batzuk”, azaldu du Rosabel Argotek, Vitoria-Gasteizko CEAReko bulegoko arduradunak eta gidaren egileetako batek. Jarraian, 19 fitxa labur eta zehatz daude, bat tresna bakoitzeko, zeintzuek dibulgaziozko hizkuntza batekin deskribatuta baliabideak ematen dizkieten herritarrei, “hala gorroto-diskurtsoak zigorgarriak direnean nola iraingarriak baino ez direnean eta adierazpen-askatasunaren bitartez babestuta daudenean erabil ditzaten”.
ZEHAR errefuxiatuekin eta ner group lankidetzan, errefuxiatuei lan-munduan sartzen laguntzeko
Bigarren urtez jarraian, ZEHAR errefuxiatuekink eta ner groupek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, errefuxiatuei lan-munduan sartzen laguntzeko. 2017an, Konektatu Ner programa gauzatu zen, ner groupeko langileen eskutik, haren boluntariotza korporatiboaren bidez. Taldean lan egiteko zenbait tailer eskaini ziren, errefuxiatuei, etorkinei eta aberrigabeei zuzenduta, haien gaitasunak hobetzeko eta lana aurkitzeko tresna gehiago izateko: enplegu-atarien berri izateko eta haiek erabiltzen jakiteko, laneko elkarrizketak prestatzeko, lan-merkatua ezagutzeko… Bigarren aldi honetan, aholkularitza-programa bat ere eskainiko du ekimenak. Helburua da harrera on bat izaten laguntzea, eta gizartean eta lan-munduan sartzen laguntzea.
Osasun integralaren mapak errefuxiatuen ongizaterako baliabideak eskaintzen ditu
Osasun integralaren mapa Kula Sareak sortutako tresna da. Errefuxiatuen osasunean eragiten dituzten hainbat faktore daude, eurek beraiek kontatu diguten bezala, hala nola: fisikoa, mentala, emozionala, espirituala, erlazionala, soziala edota komunitarioa. Tresna honen asmoa errefuxiatuek haien ongizatea kudeatzeko behar duten informazioa eskaintzea da. Mapa aldizka (urtero) mantentzen joango da baliabide gehiago gehituz errefuxiatuek haien osasun beharrak asetu ditzaten.
Diskriminazioa etxe bat eskuratzerakoan, beste oztopo bat errefuxiatuentzat
Bihar Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Eguna da eta horren harira, errefuxiatuek etxe bat eskuratzerakoan jasaten duten diskriminazioan jartzen du arreta ZEHAR errefuxiatuekink.
GIZA ESKUBIDEAK DEFENDATZEN DITUZTEN PERTSONENTZAKO BABESARI BURUZKO FORMAKUNTZA
ZEHAR errefuxiatuekink, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak eta Nazioarteko Bake Brigadak erakundeak giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonentzako babesari buruzko prestakuntza-lantegi bat antolatu dute martxoaren 19an, 20an eta 22an.
Zein da helburua?
Euskal erakunde sozialak indartzea, giza eskubideak defendatzen dituzten pertsona mehatxatuen arrisku-egoera murrizteko babes-neurrien bidez.
Nori dago zuzendua?
Arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileekin lankidetza-harremanak dituzten erakunde eta mugimendu sozialetako kideei.
Nork emango ditu lantegiak?
Vincent Valliesek. Testuingurua aztertzeko, prebentziorako eta babes integralerako estrategiak eraikitzeko eta nazioartean eragina izateko metodologietan aditua da. Erakunde humanitarioekin lan egin du gerra zibileko egoeretan, hala nola Kongoko Errepublika Demokratikoan, Kongon eta Ruandako genozidioan.Kolonbian, segurtasun-arduraduna izan da Munduko Medikuak erakundearekin, eta giza eskubideak eta komunitateak defendatzeko erakundeei babes integrala emateko parte-hartzezko lantegien arduraduna izan da Nazioarteko Bake Brigadak erakundearekin.
Noiz izango dira lantegiak?
HIRIA | DATA | ORDUTEGIA | TOKIA |
DONOSTIA | Martxoaren 19an | 16:00-20:00 | Aiete KE |
BILBAO | Martxoaren 20an | 16:00-20:00 | La Bolsa |
GASTEIZ | Martxoaren 22an | 16:30-20:30 | Landatxoko Gizarte Etxea
|
Nola izena eman?
Izena emateko, bidali mezu elektroniko bat helbide elektroniko honetara: incidencia@cear-euskadi.org. Mezu elektroniko bat jasoko duzu, izena eman duzula baieztatzeko.
Mezu elektronikoan hau adierazi behar duzu:
– Izen-abizenak
– Zer elkarteko kide zaren
– Zer hiritan egingo duzun lantegia
*Parte-hartzezko metodologia bermatze aldera, gehieneko partaide-kopuru bat ezarri da.Hori dela eta, gehienez 2 pertsonak izena eman ahalko dute erakunde bakoitzeko.
Informazioa jaso
Egin zaitez harpidedun gure buletinean, errefuxiatuei buruzko berri guztiak ezagutzeko eta nola lagundu dezakezun jakiteko