Euskal ordezkaritza bat Kolonbian izan da NAREren esparruan Euskadin aldi baterako hartutako giza eskubideen defendatzaileen jarraipena egiteko

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 22a. Gure erakundea, Zehar-Errefuxiatuekin, eLankidetza eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saila buru duen euskal ordezkaritza bat Kolonbiara joango da gaur, osteguna, urtarrilak 22, NARE Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan parte hartu duten giza eskubideen defendatzaileei jarraipen-bisita egiteko. Programak 15 urteko ibilbidea bete du 2026an.

Ordezkaritza 13 pertsonak osatzen dute, eta programa bultzatu duen Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren ordezkariak eta eLankidetza–Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziaren babesarekin eta laguntzarekin kudeatzen duen Zehar Errefuxiatuekin erakundea biltzen ditu. Misioan parte hartuko dute, bestetik, Eusko Legebiltzarreko ordezkariek eta giza eskubideen eta lankidetzaren arloko hainbat erakundek, tartean Alboan Fundazioak, Bakearen aldeko Mugimenduak (MDPL Colombia) eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak. Ainhoa Zugasti izango du buru, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendaria.

Bisita urtarrilaren 22tik 31ra bitartean garatuko da, eta helburua da NAREn parte hartu duten defendatzaileen babesa eta laguntza indartzea, euskal erakundeen, legebiltzarraren eta elkarteen babesa ikusarazita. Horretarako, ekina izango da lan-agenda, eta topaketak egingo dira hainbat erakunderekin, besteak beste, Landa Garapeneko Nekazarien Elkartearekin (ACADER), Antiokiako Desplazatuen eta Emakumeen Elkartearekin (ADMA) eta Awá Herriko Emakume eta Familia Sailarekin. Bisitaldian zehar jasotako eskariak eta kezkak Kolonbiako erakunde publikoei helaraziko zaizkie gero. Bestetik, agendak bilerak ditu aurreikusita, nazioarteko erakundeekin eta herrialdean dauden kidego diplomatikoko ordezkariekin.

Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendari Ainhoa Zugastik nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak hartua duen konpromisoa giza eskubideen alde eta nazioarteko elkartasunaren alde. Adierazi du funtsezkoa dela defendatzen dituztenak babestea, eta horregatik indartu da aurten NARE aurrekontu handiagoarekin. Zugastik azaldu duenez, bisita konpromiso horren parte da: arrisku bereziko testuinguruetan defendatzaileei babesa eta laguntza ematea eta tokiko erakundeekin lankidetza indartzea. Gainera, Euskadik demokraziarekin duen konpromisoa berretsi du, giza eskubideen defendatzaileen aurkako jazarpena, mehatxuak eta hilketak gaitzetsi ondoren.

15 urteko ibilbidearekin, NARE erreferente gisa finkatu da giza eskubideen defendatzaileen babesean, besteak beste, Kolonbian, Guatemalan, Perun eta Hondurasen egindako jarraipen-bisitekin. Kolonbia, Guatemala, Honduras, El Salvador, Ekuatore Ginea, Peru, Nikaragua eta Saharatik etorritako 41 ekintzaile baino gehiago hartu ditu.

Kolonbiaren kasuan, erakunde indigenei, nekazaritzan dihardutenei, hirietakoei eta afrikar ondorengoenei lagundu zaie.

Askotariko eragileen lankidetzari eta hainbat eskualdetako pertsonen eta kolektiboen parte-hartzeari esker, NARE erreferente gisa finkatu da giza eskubideen defendatzaileen babesean. Hainbat erakunderen lankidetzari esker, programak babes irmoa izan du. Bere helburu nagusia da atsedenerako eta aldi baterako zaintzarako espazio bat eskaintzea, giza eskubideen defentsan egiten duten lanagatik etengabe mehatxatuta bizi diren pertsonen indartze fisiko eta emozionala ahalbidetzeko, bai eta babes eta elkartasun politikorako sareak zabaltzea ere.

Azkenik, bisita amaitutakoan, txosten bateratu bat egiten da, ondorioak eta gomendioak jasotzen dituena, Eusko Jaurlaritzaren, Legebiltzarraren eta gizarte-erakundeen babesarekin. Dokumentu hau publikoa da, eta giza eskubideen defendatzaileak babesten laguntzea du helburu.

Scroll to Top