Maiatzak 21, Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna: Zehar-Errefuxiatuekin Eta Ikusgelak Aurreiritziak, Pribilegioak Eta Arrazakeria Lantzeko Bideo Sorta Prestatu Dute 

Bilbo,2026ko maiatzaren 21a. Maiatzaren 21ean ospatzen den Elkarrizketarako eta Garapenerako Aniztasun Kulturalaren Mundu Eguna dela eta, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak eta Ikusgelak Nondik nora aurkeztu dugu; besteak beste, aurreiritzi arrazistak, pertsona arrazializatuen estereotipoak eta pertsona zurien pribilegioak lantzen dituzten bideo laburrak. Ikus-entzunezko ekoizpen hau Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen Sareginak lan-ildoaren esparruan egin da. Lucía Mbomío kazetaria aholkulari izan da eta Hiru Damatxo ekoiztetxea bidelagun.

Euskarazko bideo pedagogikoen Ikusgela plataformak astean bideo bat argitaratuko du, migrazioaren gaia modu zuzen, testuinguratu eta arduratsuan lantzeko. Leo Bueriberi musikari eta aurkezle gasteiztarrak jarriko dio aurpegia proiektuari eta bere gidaritzapean saiatuko gara pertsona arrazializatuen inguruko estereotipoak zalantzan jartzen, pertsona txurien pribilegioetaz ohartzen eta migrazioaren, desplazamenduaren eta arrazismoaren inguruko aurreiritzietan sakontzen.

Sail hau sortzearen oinarria da kultura-aniztasuna ezin dela ospatu hura zeharkatzen duten desberdintasunei aurrez aurre begiratu gabe. Hizkuntza zuzen eta arin baten bidez, bideo labur hauek egunerokotasunean inguruan ditugun gai garrantzitsu batzuk hurbildu nahi dituzte, dibulgazio eraldatzaile baten bidez.

Pribilegioa zalantzan jarri, gizarte justoago bat eraikitzeko

Sailaren kapitulu bakoitzak estereotipo zabalduenen inguruko gai bat jorratzen du, eta, era berean, egungo gai eta mugimenduei buruzko azalpenak eta informazioa ere ematen ditu. Helburua kontzientzia sortzea da, batez ere gazteenen artean: hausnarketa kolektiborako gune bat irekitzea, gure gizarteek kanpotik datozen pertsonei bereziki eragiten dieten egiturazko desberdintasunak nola erreproduzitzen dituzten aztertzeko.

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak bultzatutako Sareginak proposamenaren barnean, istorio isilduen ikusgarritasuna sustatzeko eta kontzeptuek zein errealitatea izendatzeko moduek gizarte‑markoak eta egiturak eraldatzeko duten garrantzia agerian jartzeko duen konpromisoa berresten du, elkarrizketa, lankidetza eta ezagutza irekiko espazioak sortuz, herritar guztien eskura egongo diren guneak eraikitzeko helburuarekin.

Ikusgela, urrunago iristeko lankidetza

Ikusgelarekin egindako lankidetzaren bidez eduki hauek audientzia ahalik eta anitz eta zabalenera iristea espero da. Bideoak egitean DBH eta Batxilergoko ikasleengan jarri da bereziki fokoa eta, besteak beste, sare sozialetan maiz entzuten diren buloei aurre egiteko tresnak eskaintzea dute helburu.

Ikusgela Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak martxan jarritako proiektua da. Euskarazko bideo pedagogiko libreak egitea du oinarri, euskarazko Wikipediako edukia aberasten duten bideoak. Lau urtean 200 bideo baino gehiago argitaratu dira 10 sailetan banatuta eta Zehar-Errefuxiatuekin elkartearekin batera sortutako Nondik nora saila izango da hamaikagarrena.

Sail honen baitan sei bideo argitaratuko dira guztira, maiatzaren 21etik hasita, ostegunero: 1) Zer da migratzea?, 2) You too, 3) Pribilegio Zuria, 4) Kultura antiarrazista, 5) Migrazio krisia? Ze krisi eta 6) Harrera.

Bideo hauen grabaketa eta edizioan Hiru Damatxo ekoiztetxea izan da bidelagun. Eusko Jaurlaritzaren eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du Sareginak proiektuaren baitan.

Ikusgela, mundua ulertzeko bideoak

Ikusgela bideo pedagogiko askeak sortzeko eta zabaltzeko proiektua da. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bultzatu du, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin, eta haren xede nagusia euskarazko kalitatezko ikus-entzunezkoak sortzea da, bereziki hezkuntzarako baliagarriak diren gaietan sakonduz.

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeari buruz

Zehar-Errefuxiatuekin Euskal Autonomia Erkidegoan errefuxiatuen, migratzaileen eta aberrigabeen giza eskubideen defentsarekin eta integrazioarekin konprometitutako erakundea da. 30 urteko esperientzia du, eta gizaki orok nazioarteko babesa bilatzeko duen eskubidea aitortzeko borrokan jarraitzen du erakundeak.

Scroll to Top