Otsailak 24a, Psikologiaren Eguna: Errefuxiatu eta migratuen osasun mentalerako eskubidea aldarrikatzen dugu

Bilbo, 2026ko otsailak 24a. Psikologiaren Egunaren harira, gizarte guztiek, bereziki errefuxiatu, aberrigabe, migratu eta Giza Eskubideen defendatzaileek, arreta psikologikora sartzeko duten eskubidearen garrantzia aldarrikatzen dugu. Osasun mentala zaintzea funtsezkoa da duintasun, integrazio eta migrazio-prozesuan dauden pertsonen eskubideen bermapenerako.

Angélica Padilla, Zehar-Errefuxiatuekin-eko arreta psikologikoko zerbitzuaren arduradunak adierazi duenez: «Duela urte batzuk ikusi genuen beharrezkoa zela aholkularitza juridikoa eta gizarte-lana arreta psikologikoarekin osatzea, arreta ematen diegun pertsonen behar guztiei erantzun ahal izateko». Horrela, errefuxiatu, aberrigabe eta migratutako pertsonek bizi dituzten errealitateei erantzun integrala ematen zaie. 

Arreta ematen diegun pertsonetako askok, euren jatorrizko herrialdeetan bizi izandako egoeretatik (gatazka armatuak, jazarpena, indarkeria…) ez ezik, migrazio-prozesuan bertan bizi izandako esperientzietatik ere, euren ongizate mentalean ondorioak izaten dituzte. Helmugako herrialderako bidean etengabeko indarkeria bizitzen baitute. Hori gutxi balitz,  helmugako herrialdera iritsitakoan eguneroko bizitza berreraikitzea zailtzen duten oztopo ugari bizitzen dituzte: burokrazia, ziurgabetasun juridikoa, arrazakeria, xenofobia, prekarietatea edo laguntza sare faltak. Horrek guztiak eragin handia izan dezake ongizate psikologikoan. 

Azken urteotan, gainera, nabarmen handitu da zuzenean migrazio-prozesuarekin lotutako arreta psikologikoko beharrak dituzten pertsonen kopurua. Horrek agerian uzten du beharrezkoa dela laguntza emozionalerako baliabideak indartzen jarraitzea eta migrazio-prozesuak duen eragin psikologikoa gizarte- eta giza eskubideen auzi gisa aitortzea. 

Premia gero eta handiago honi erantzuteko, Zehar-Errefuxiatuekin erakundetik asiloan eta babes-eskaeran prestakuntza jaso duten 15 psikologo profesionalek osatutako sare bat bultzatu dugu. Sare horri esker, arreta espezializatua zabaldu eta migrazioaren errealitateetara egokitutako laguntza psikologikoa bermatzen da. 

Lankidetza honi esker, profesional bakoitzak bere kontsultan artatu ditzake erakundetik bideratutako hainbat pertsona, eta horrela, arreta hurbilagoa, jarraitua eta haien beharretara egokituagoa eskaintzen da. 

Testuinguru honetan, arreta psikologikoa ezinbesteko tresna bihurtzen da. Ongizate emozionala zaintzeak pertsonei beren bizi-proiektua berreraikitzen, harremanak sortzen, komunitatean parte hartzen eta beren eskubideak berdintasunez gauzatzen laguntzen die. Osasun mentalik gabe, benetako gizarteratzea askoz zailagoa da. 

Zehar-Errefuxiatuekin erakundean lanean jarraitzen dugu arreta psikologikoa eraldaketa eta justizia sozialerako tresna izan dadin, bereziki zaurgarritasun handieneko egoeretan dauden pertsonentzat. 

Scroll to Top