Eskubide kulturalak giza eskubideak dira.Migratzeak ez du esan nahi norberaren kulturari uko egitea; eraldatu egiten da, eta harrerako kulturarekin bizi, Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen esanetan.

Abenduaren 10a. Giza Eskubideen Eguna | Abenduaren 18a. Migratzaileen Nazioarteko Eguna

Erakundeak “Arrazakeriaren aurkako tresnak eskubide kulturalak erabiltzean” koadernoa aurkeztu du “lAGORAtorio” proiektuaren barruan. Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa izan du.

“Arrazakeriaren aurkako tresnak eskubide kulturalak erabiltzean” kuadernotxoa: https://zehar.eus/eu/lagorategia/

Lekukotzak:


Bilbo, 2025eko abenduaren 10a. Urtero bezala, abenduaren 10a Giza Eskubideen Eguna da, abenduaren 18a Migratzaileen Nazioarteko Eguna, eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak beste behin konpromiso irmoa berretsi nahi du pertsona guztien tratu-berdintasunaren, errespetuaren, bizikidetzaren, aniztasunaren eta giza eskubideen alde, bereziki errefuxiatu, aberrigabe eta migratuena, eta babesa behar duen oro –datorren lekutik datorrela– inolako diskriminaziorik gabe ondo hartzean jarri nahi du arreta.

“Eskubide kulturalak giza eskubideak dira. Migratzeak ez du esan nahi norberaren kulturari uko egitea; eraldatu egiten da, eta harrerako kulturarekin bizi. Eskubide kulturalak funtsezkoak dira giza duintasunerako, identitatea gordetzeko, baina baita hura berreraikitzeko ere, ekarpena egiten baitiete ongizate emozionalari eta sare komunitarioei”, azaldu du Javier Canivell-ek, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko zuzendariak, eta hauxe gaineratu du: “Eskubide kulturaletara irispidea izatea bermatzea funtsezkoa da gizarte askotariko, inklusibo eta ekitatiboak eraikitzeko”.

Zehar-Errefuxiatuekin erakundekoon ustez, harrera egitea ez da soilik “teilatupe bat eskaini edo bizilekuren batean sartzea”, baizik eta errefuxiatuak guztion artean osatzen dugun euskal gizartearen parte gisa onartzea, “haien historia eta kultura ezagutzea, haien ibilbidea eta ezagutzak balioestea, eta gurea haiei hurbiltzea, denon artean espazioak eta bizipenak parteka ditzagun, eta kulturen arteko benetako bizikidetza bat sustatu”, gehitu du Canivellek.

Oztopo nagusia Atzerritarren Legea da. Diskriminazioa eta estereotipoak indartzen ditu, eta diskriminazioa instituzionalizatzen duten praktikak sortu, baita aisiako aukeretan eta eskubide kulturalak erabiltzean ere. Lege-marko horrek errefuxiatuekiko eta migratuekiko ikuspegi utilitarista sendotzen du eta haien bizitzako arlo guztiak baldintzatzen ditu, espazio kulturaletan parte hartzea barne. Horri gehitzekoak dira, gainera, lanaren prekarizazioaren ondoriozko oztopo ekonomikoak, hizkuntzazko mugak, lanaldi luzeek dakarten astirik eza, izapide burokratikoak atzeratzea eta, bestalde, migrazioaren doluarekin lotutako faktore emozionalak eta partaide ez izatearen sentsazioa. Murriztapen horiek ez dute bakarka eta bereiz jokatzen: arrazakeria egiturazko eta sinbolikoarekin, klasismoarekin eta, kasu askotan, generoagatiko diskriminazioarekin txirikordatzen dira, eta bizitza kulturalaz berdintasunez gozatzeko eta parte hartzeko eskubidea urratzen duen egitura bat sortzen da horrela.

lAGORAtegia proiektua: Kultura-aniztasunaren, bizikidetzaren eta diskriminazioaren gainean jardunbide egokiak ikertzea eta kolektiboki proposamenak eraikitzea

lAGORAtegia IV: kultura-aniztasunaren, bizikidetzaren eta diskriminazioaren gainean jardunbide egokiak ikertzea eta kolektiboki proposamenak eraikitzea errefuxiatuekin batera” proiektuaren barruan, koaderno bat sortu dugu, “Arrazakeriaren aurkako tresnak eskubide kulturalak erabiltzean”, arlo horretarako zenbait tresna emateko: besteak beste, tresna indibidualak, norbere zaintzarekin eta birjabetze kulturalarekin lotuak; kolektiboak, babes-sareekin lotuak, bai eta Entretejidas|Sareginak proiektuan egindakoa bezalako laborategi kulturalak sortu eta babestearekin lotuak ere; eta tresna juridikoak, aholkularitzan, salaketan eta jardunbide egokien zabalkundean oinarrituak.

“Astialdia eta aisia, Abya Yalatik eta Hegoalde Globaletik gatozen kulturentzat, ez da bakarrik tarte batez barrenak lasaitzea, iji eta aja ibili, pote bat hartzea; komunitate mailan loturak egitea ere bada, eta erresistentziarako tarte bat ere bai”, azaldu du Emilia Larrondok. Cumbia antirrazistako tailerraren erraztaile izan da lAGORAtorio proiektuaren barruan, eta azaldu du, gainera, funtsezkoa dela eguneroko bizitzan gauzak ospatzea: “musikak, gorputzak, gozatzeak erdigunean egon behar du, edo egotea lortu nahi dugu, eta honelako gizarteetan bizitzean, pixka bat zurrunak, edo ospakizunari edo festari buruzko beste ideia bat dutena, kosta egiten da espazio bat irabaztea ez dena ikusiko itzelezko parranda eta gehiegikeria bezala, baizik eta gure identitatea eta gure komunitatea berregitea ahalbidetzen digun ospakizuneko espazio moduan. Eta hori funtsezkoa da”.

lAGORAtegia proiektuak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa izan du.

Diskriminazio-eremuak, migratuen eta errefuxiatuen bizipenezko hausnarketatik abiatuta

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak guztira sei koaderno egin ditu, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz, errefuxiatuen eta migratuen eguneroko bizitzako bost arlotan edonolako tratu arrazista edo diskriminaziozkori aurre egiteko: enplegurako sarbidean, etxebizitzaren arloan, bankuenean, poliziaren identifikazioetan, eta aisian eta eskubide kulturalak erabiltzean.

Koadernoak gizarte- eta erakunde-sarearen eskura jarri dira. Alde batetik, Eraberean Sarearen bidez, Eusko Jaurlaritzak bultzatua, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatu dezan, bizikidetza eta aniztasuna bultzatzeko, denon bizitzak hobetze aldera; Zehar-Errefuxiatuekin sare horretako kide da duela 10 urtetik. Eta horretaz gain, beste elkarte, entitate eta erakunde batzuen bidez ere bai, gure lurraldean diskriminazioaren aurkako borroka indartzeko oinarri gisa balio dezan. Gainera, koaderno guztiak Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen webgunean ere badaude, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz.

Scroll to Top