“Bizitzeko ihes egin. Emakume Errefuxiatuak dira” kanpaina aurkeztu dugu

“Korrika egin hegan abiatzeko. Hegan egin dena atzean utzita. Amets bakar bat buruan: Beldurrik Gabe Bizitzea”. Horrela abiatzen da “Bizitzeko Ihes Egin. Emakume Errefuxiatuak dira” spota. Bere helburua da euskal herritarrak sexu-esplotaziorako salerosketari buruz sentsibilizatzea eta egoera horretan dauden emakumeei buruzko iruditeria aldatzen laguntzea, emakume horiek errefuxiatutzat har daitezen. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatu dute kanpaina.

ZEHAR errefuxiatuekink jazarpenetik ihes egiten duten emakumeei eta sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima direnei asilo eskubidea egiaz onartzea defendatzen du, eta horren alde egiten du borroka, baita behin hona iristen direnean beren jatorrizko herrira itzularaz ez ditzaten ere, horrek are arrisku handiagoan jarriko lituzke-eta. Sexu-esplotaziorako salerosketa giza eskubideen urraketa larria da, indarkeria matxista mota bat, eta genero-arrazoiek eragindako jazarpena da. Beraz, emakume errefuxiatuak dira. Alabaina, Espainiako Gobernuak 23 pertsonari baino ez die onartu nazioarteko babes hori arrazoi hori dela-eta.

Sexu-esplotaziorako salerosketaren muinean hiru zapalkuntza-sistema daude: arrazakeria, heteropatriarkatua eta kapitalismoa, eta, hain zuzen, hiru horien uztarketaren ondorio da arazo gordin hau. Emakumeen gorputzak merkantilizatzearen adierazpen larriena da, eta sistema kapitalistak sustatzen du merkantilizazio hori. Ez da kasualitatea biktimak emakumeak izatea eta, gainera, gehien-gehienak (%90) atzerritarrak izatea eta testuinguru ekonomiko pobretuetatik etortzea. Estatuan eta EAEn bertan, egoera horretan dauden emakume gehienak Nigeriatik, Errumaniatik eta Paraguaitik etorriak dira. Baina badira beste nazionalitate batzuetako emakumeak ere, hala nola Ekuatore Gineakoak, Nikaraguakoak eta Brasilgoak. Xenofobiak legitimatu egiten du haiekiko tratu desorekatua, eta “besteak” bihurtzen ditu.

Kanpaina honek emakume biktimaren estereotipo hori hautsi nahi du, eta egiaz zer diren azaldu nahi du: jazarpen horri aurre eginez bizirik iraun duten emakumeak, beren erresistentzia eta indarguneekin. Esteka honetan dituzue kanpainari buruzko informazio guztia eta sortutako materialak: http://setrataderefugiadas.cear-euskadi.org/eu/

Bizirik nago

“Bizirik nago” atala ere hor duzue; Clara, Jeanne eta Sarak egin duten ibilbidea jasotzen da bertan. Ibilbide horretan hainbat indarkeria jasan dituzte emakumeok, baina gainditzeko kemena izan dute, erresistentzia pertsonal eta kolektiboko estrategia ugariren bidez.  http://setrataderefugiadas.cear-euskadi.org/historias/?l=eus

10 gomendio

Tresnak, baliabideak eta ikuspegi berriak eskaintzeko helburuarekin, dekalogo honetan 10 gako dituzue, sexu-esplotaziorako salerosketari buruzko informazioa nola eman jakiteko, betiere asilo-eskubidea kontuan hartuta. http://setrataderefugiadas.cear-euskadi.org/wp-content/uploads/2018/05/DECALOGO-EUS.pdf

 

Gorroto-diskurtsoaren aurkako 19 tresna

“Herritarrak diskurtso politiko xenofoboen kontra. Suteen Aurkako Gida”  argitalpena aurkeztu berri du ZEHAR errefuxiatuekink, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren laguntzarekin. Tresna sortzen da herritarrei gorroto xenofoboaren diskurtsoei erantzuteko erreminten kutxa gisa. Ikusita eskuin muturreko iritzi publikoen gero eta korronte gehiago daudela eta gorroto-delituak ere modu kezkagarrian ari direla areagotzen (besteak beste, errefuxiatuen zentroen kontrako erasoak eta EBko hainbat herrialdetan asiloa eskatzen dutenen kontrako istilu arrazistak), gidak zenbait tresna ematen ditu herritarrek gertaera horien aurka egin dezaten.

Denera, 19 tresna ematen dira, hiru arlotan banatuta: juridikoa, mediatikoa, instituzionala eta herritarrena. Tresna hauek aktiba daitezke iritzien liderrek edo arlo politikoko eta sozialeko ordezkariek herritarren kohesioari su ematen diotenean, atzerritarrak edo errefuxiatuak diskriminatzen, iraintzen eta difamatzen dituzten edo horiek gorrotatzera edo baztertzera bultzatzen duten diskurtsoekin. Hona hemen zenbait adibide: litigazio estrategikoa egitea, salaketa jartzea herri-akzio gisa, erreklamazioak jartzea alderdi politiko bakoitzeko batzorde etikoei, prentsan zuzendariarentzako gutunak idaztea diskurtso iraingarriei kontrako narratibak aurkezteko, eta herritarren plataformen bitartez mobilizazioak egitea, adierazpen arrazisten eta xenofoboen hartzaile diren komunitateak defendatzeko.

Gidak sarrera bat du, eta “hor zerrendatzen dira azken hilabeteotan errefuxiatuen aurka piztu diren sute sozial batzuk”, azaldu du Rosabel Argotek, Vitoria-Gasteizko CEAReko bulegoko arduradunak eta gidaren egileetako batek. Jarraian, 19 fitxa labur eta zehatz daude, bat tresna bakoitzeko, zeintzuek dibulgaziozko hizkuntza batekin deskribatuta baliabideak ematen dizkieten herritarrei, “hala gorroto-diskurtsoak zigorgarriak direnean nola iraingarriak baino ez direnean eta adierazpen-askatasunaren bitartez babestuta daudenean erabil ditzaten”.

ZEHAR errefuxiatuekin eta ner group lankidetzan, errefuxiatuei lan-munduan sartzen laguntzeko

Bigarren urtez jarraian, ZEHAR errefuxiatuekink eta ner groupek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, errefuxiatuei lan-munduan sartzen laguntzeko. 2017an, Konektatu Ner programa gauzatu zen, ner groupeko langileen eskutik, haren boluntariotza korporatiboaren bidez. Taldean lan egiteko zenbait tailer eskaini ziren, errefuxiatuei, etorkinei eta aberrigabeei zuzenduta, haien gaitasunak hobetzeko eta lana aurkitzeko tresna gehiago izateko: enplegu-atarien berri izateko eta haiek erabiltzen jakiteko, laneko elkarrizketak prestatzeko, lan-merkatua ezagutzeko… Bigarren aldi honetan, aholkularitza-programa bat ere eskainiko du ekimenak. Helburua da harrera on bat izaten laguntzea, eta gizartean eta lan-munduan sartzen laguntzea.

Gehiago Irakurri

ZEHAR errefuxiatuekin Kolonbian da, giza eskubideak behatzeko Euskal Ordezkaritzako kideen artean

Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak eta Mugarik Gabe eta ZEHAR errefuxiatuekin GGKE-ek osaturiko ordezkaritza Kolonbian da aurreko larunbataz geroztik, misio batean parte hartzen. Astebetean, hainbat bilera izango dituzte Medellin, Bajo Caucan eta Bogotan, bertako elkarteekin, gizarte-mugimenduekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin, besteak beste Organización Indígena Antioquía (OIA) erakundearekin. Azken horretako kide da aurreko urtean Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programan parte hartu zuen pertsonetako bat.

Horrelako seigarren misioa da, programan parte hartu duten pertsonei itzuleran laguntzeko ekimen honetan.Hauek dira helburu nagusiak:

  • Harrera egin zaien pertsonei eta haien erakundeei itzultzerakoan jarraipena egitea, egoera zein den jakiteko.
  • Euskal gobernuak, legebiltzarrak eta elkarte eta erakundeek herrialdean bertan ematen duten laguntza eta babesa ikusaraztea.
  • Harrera egin zaien pertsonen erakundeek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak salatzea.
  • Kolonbiako elkarte-sarearen artean Babes Programaren berri ematea eta zabaltzea.
  • FARCekin lortutako akordioak zenbateraino ezarri diren eta ELNrekiko negoziazioa zertan den aztertzea eta behatzea.
  • Kolonbian hainbeste indarkeriari eutsi eta bake-bideak proposatzen dituzten talde, erakunde eta komunitateen lanari nazioartean aitortza egitea.

Bisitaren emaitza txosten batean jasoko da, eta txosten hori Kolonbiako, Espainiako eta Euskadiko erakundeei bidaliko zaie.

ZEHAR errefuxiatuekin oso kezkatuta dago herrialde hartan giza eskubideen defenditzaileen aurkako erasoak eta hilketak zenbateraino areagotu diren ikusita. Nazio Batuen Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioaren Kolonbiako Bulegoak emandako datuen arabera, 2017an gizarte- eta politika-mugimenduetako 105 lider eta kide hil zituzten. Akordioak sinatu ondoren FARCeko gerrillak jada utzitako eremuetan gertatu dira hilketa horietako asko; izan ere, Kolonbiako Estatuaren aldetik botere-hutsune bat sortu da eremu horietan, eta legez kanpoko talde armatuek hartu dute lurraldearen gaineko kontrola. Horren ondorioz, orobat, areagotzen ari dira behartutako lekualdatzeak, komunitate askok beren bizilekuak utzi behar izan baitituzte derrigorturik.

 

Manifestua: Erbestea ezagutu genuen. Babesleku izan gaitezen.

Erbesteratu beharra gizadiaren historiaren parte da. Mundu osoko makina bat pertsona eta komunitatek egin behar izan dio aurre norberaren etxea utzi beharrari, indarkeriatik edo miseriatik ihesi.Izu-laborria atzean utzi nahian baliabide guztiak jokoan jartzea, bizirik irauteko, norberaren bizitza berriro eraikitzeko, beste nonbait eta beste pertsona batzuen ondoan, bakean eta duintasunez, hori guztia giza izaeraren parte da.

Gehiago Irakurri